Kandiko Zubikarai, EPPKren agurra irakurtzen

Sorturen kongresuari agurra.pdf

Sorturen kongresuari agurra

Agur eta besarkada beroa SORTUren Kongresu Eratzailean partaide zareten guztioi! herriz herri proiektu berria errotzen ari zareten kide guztioi!

Euskal Herriak askatasunaren aldeko hautua aspaldi egina du. Hautu politiko horrek ondorio emankorrak bezain gogorrak izan ditu. Urtetako borroka eta legez kanpoko egoeratik heldu gara Ezker Abertzalea berrantolatzera. Iraganeko irakasgaiekin, etorkizuneko egitasmoekin, indar politikoa berritu eta gorpuztera. Garaiotan, hautu politikoa berriturik, aukera berriak ireki ditugu guztion artean.

Gobernu espainol eta frantsesak, aukera horiek zapuzteko indar guztia jartzen ari dira, mugituko ez direlakoan etsipena zabalduz. Espetxeetan bezala, kanpoan lanean zabiltzatenon artean ere. Prozesu politikoa espetxeetan giltzapetu asmo dute konponbidea korapilatuz. Presoak baliatu nahi gaituzte prozesua zingiratzeko.

Azpimarratzera gatozkizue, gure egoeraren hobekuntza baino jokoan duguna prozesuaren bideragarritasuna dela. Epe motzeko fruituak baino, prozesu politikoa astinduko duten urratsak direla garrantzitsuenak. Erronka berriek, irudimen, ausardia eta erabakitasuna eskatzen dute, bidea lokazteko interesa dutenen aurka.

Herriak berretsi du presoen afera lehentasunez konpondu behar dela. Sakabanaketak amaitu egin behar du, doktrina bertan behera geratu. Lortuko dugula sinetsita, espetxe politika pitzatzeak efektu biderkatzaile eta atzeraezina dakar proiektu politikoaren aldeko urrats tinkoak emateko, gerora utzi gabe, abagune historikoari ihes egiten utzi gabe.

EPPK-k posizio politikoa gaurkotu du, Gernikatik hona prozesuan sakondu du. Barne zein kanpo antolakuntza, Zuzendaritza eta Mintzaidetzarekin sendotuz. Bitartekariekin, hartueman politikoak berreskuratuz. Ekimen iraunkorrekin eztabaida politikoan kokatu eta mugimenduak eraginez. Muturreko neurrien aurrean irmo eta prozesuaren garapena sustatzeko urratsak emanez.

Jarritako oinarriak jauzi berriei begira kokatzen gaitu. Herriarekin, eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera ekiteko. Gure indarra gainerako herritarrenari eransteko. Militante politiko eta herritar gisa, Herri eraikuntzan parte hartzeko. Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzten bezala Euskal Herri librean aske izateko borrokatzen dugu, Ezker Abertzale Osoarekin batera egin dugu ibilbide luzea eta halaxe jarraituko dugu.

Zuek kanpotik eta guk barrutik, LORTUKO DUGU!!

Euskal Presoak, Euskal Herrira ORAIN! Amnistia eta autodeterminazioa!

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Ezker Abertzalea!

Euskal herria bihotzean 2013ko otsailan

EPPK

Tagged with →