Oier Gonzalezek EPPKren mezua irakurtzen, Ernairen sorrera batzarrean

Gazte antolakundearen kongresuari agurra.pdf

Gazte antolakundearen kongresuari agurra

Agur eta besarkada beroa Kongresu Eratzailean partaide zareten gazte guztioi! herriz herri gazte proiektu berria errotzen ari zareten kide guztioi!

Euskal Herriak askatasunaren aldeko hautua aspaldi egina du. Ondorio emankor bezain gogorrak ezagutu ditugu. Urtetako zapalkuntza eta legez kanpoko egoera borrokatuz heldu gara honaino. Iraganeko irakasgaiekin, etorkizuneko egitasmoekin, Ezker Abertzalea gorpuztearekin batera Gazte antolakundea berrantolatzera. Euskal Gazteria borrokalaria bereziki kolpatua izan da. Aitortuko dizuegu, hautu politikoa berriturik, aukera berriak ireki baditugu denon artean, hein handian Euskal Gazteriak erakutsitako tinkotasunari esker izan dela. Aipamen berezia dena utzi eta, tortura, espetxea, erbestea ezagutu duzuen gazte guztioi!! Biba zuek!!

Gobernu espainol eta frantsesak, aukera berriok zapuzteko indar guztia jartzen ari dira, mugituko ez direlakoan etsipena zabaldu nahirik. Espetxeetan bezala, kanpoan lanean zabiltzatenon artean ere. Gazteriari geroa ilundu nahi dizuete. Sistema ustel honetan desintegra zaitezten bilatzen dute. Ez etsi gazteok, ez utzi, aske bizi!

Orain, presoon egoeraren hobekuntza baino jokoan duguna prozesuaren bideragarritasuna da. Epe motzeko fruituak baino, prozesu politikoa astinduko duten urratsak dira garrantzitsuenak. Erronka berriek, irudimen, ausardia eta erabakitasuna eskatzen dute. Gazte belaunaldi ezberdinek berebiziko papera bete dute Nazio Askapen prozesuan azken 50 urteotan. Gazteak izan dira beren grinarekin eta intuizioarekin Askapen Mugimendua elikatu, berritu eta indartu dutenak. Konfiantza dugu aurrerantzean ere halaxe izango dela!

Herriak berretsi du presoen afera lehentasunez konpondu behar dela. Sakabanaketak amaitu egin behar duela, doktrina bertan behera geratu. Prozesu politikoa espetxeetan giltzapetu asmo dute konponbidea korapilatuz. Presoak hor kateatu nahi gaituzte prozesua zingiratzeko. Lortuko dugula sinetsita, espetxe politika pitzatzeak efektu biderkatzaile eta atzeraezina dakar proiektu politikoaren aldeko urrats erabakiorrak emateko, gerora utzi gabe, abagune historikoari ihes egiten utzi gabe. Espetxeak apurtu,jo ta ke independentzia lortu arte!!

EPPK-k posizio politikoa gaurkotu du, Gernikatik hona prozesuan sakondu du. Barne zein kanpo antolakuntza, Zuzendaritza eta Mintzaidetzarekin sendotuz. Bitartekariekin, hartueman politikoak berreskuratuz. Ekimen iraunkorrekin eztabaida politikoan kokatu eta mugimenduak eraginez. Muturreko neurrien aurrean irmo eta prozesuaren garapena sustatzeko urratsak emanez.

Jarritako oinarriok jauzi berriei begira kokatzen gaituzte. Herriarekin, eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera ekiteko. Gure indarra gainerako herritarrenari eransteko. Eta bai, Euskal Gazteria borrokalariaren ondoan beti!! Militante politiko eta herritar gisa, Herri eraikuntzan parte hartzeko. Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzten bezala Euskal Herri librean aske izateko borrokatzen dugu, Ezker Abertzale Osoarekin batera egin dugu ibilbide luzea eta halaxe jarraituko dugu. Beti Gazte!

Zuek kanpotik, guk barrutik, LORTUKO DUGU!!

Euskal Presoak, Euskal Herrira ORAIN! Amnistia eta autodeterminazioa!

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Ezker Abertzalea!
Gora Euskal Gazteria!

Euskal Herria bihotzean, 2013ko otsailan
EPPK

Tagged with →