Ez adiorik, Madiba EU.pdf / Hamba Kahle Madiba EN.pdf

EZ ADIORIK MADIBA

Azken hatsa eman du. Betirako arnasa balu bezala joan da. Hil da gizon borrokalaria, duin eta eskuzabala. Hego Afrikan eta mundu zabalean askatasunaren alde eta injustiziaren kontrako guztiontzat bizirik eta betirako argia emango digun pertsona eta militantea. Gudari eta gidari.

Erreferentzia politiko indartsu eta saihestezina da Mandela, Madiba. Bere jarraitzaileentzat bezala, haren etsai izan direnentzat ere. Begirune politikoa irabazi zuen borrokalariak eta politikariak mundu osoan. Haren etsenplua azpimarratzen da, haren irudia goresten nonahi, noiznahi.

Lausengu interesatuek ordea ez dezatela bere izana lausotu. Mandela irudi baino haragizko baitzen. Bere bizitza helburu politiko baten aldeko konpromisoa izan da. Bere etsenplua bere bizitza osoa da. Umkhonto we Sizwe (MK-Nazioaren Lantza) erakundearen gudari eta gidari izatetik Hego Afrikako Lehendakari izateraino. Ibilbide luze gogor horretan, erakutsitako duintasuna nabarmenduko genuke, eskuzabaltasuna eta erabakitasun politikoa.

466/64 zenbakiarekin izana eta izena ebatsi nahi izan zioten 27 urtetako espetxealdiak eta eskubide urraketei oldartzeak hurbiltzen gaitu bereziki. Rivoniako auzian biziarteko zigorra ezarri eta Robben Islandeko espetxean gatibu igarotako 18 urteak.

Oroitzapen bizia da guretzat Madiba. Hego Afrikako borroka eta askapen prozesua erreferentzia politiko garrantzitsua baita guretzat. Haien borroka, testigantza eta esperientzia aberatsak lehen eskutik jaso eta trukatzeko ohorea izan dugu.

Hego Afrikako Gobernuak ez bezala, Espainia eta Frantziakoek muzin egiten diote gatazka politikoaren konponbideari, ETAk bere jardun armatua utzita bi urte pasa diren arren. Konpondu gabeko gatazkaren isla gara Frantzia, Espainia, Ingalaterra, Irlanda eta Portugalen bahiturik gauzkaten ehunka lagunak. Mandelaren espetxealdi ezaguna baino denbora luze eta isilduagoarekin, 30 urteren bueltan kaleratu diren kideak badira gurean, eta oraino barruan jarraitzen duten beste asko, ukatu nahi duten gatazka politikoaren gordintasun erakusle.

EPPK-k gorazarrea eskaini nahi dio ohar honen bidez Nelson Mandela Madibari eta dolua konpartitu haren senide eta lagunekin. Gure bihotza haiekin da, Apartheidaren kontra borrokatu direnekin, bizia eman eta espetxealdi luzea jasan dutenekin. Gizon handia galdu dute, izar berria irabazi dugu.

Gora mundu osoko borrokalariak!
Amnistia, autodeterminazioa!

EPPK
Euskal Herria bihotzean 2013ko abenduan

Tagged with →