Estatu frantziar eta espainiarraren errepresioa, lehenengo pertsonan ala gertukoengan jasan duten pentsamolde ezberdineko herritarrak biltzen dituen Etxerat elkarteak XIII. Batzar Nazionala egin du otsailaren 16an Tolosan. EPPKk Arkaitz Bellon gogoratu eta sakabanaketa amaitu beharraren garrantzia azpimarratu du.

Etxeraten Batzar Nazionalari agurra.pdf

ETXERAT-EN XIII. BATZAR NAZIONALARI AGURRA

Gora Arkaitz!!!

Egunon!

Gure ziegetatik gatozkizue muxu handi bat eman nahian gaur hemen zuen 2013-2014-ko Nazio Batzarrean bildu zareten senide eta lagunoi.

Bai, gora Arkaitz, agur eta ohore!

Kalean ginelarik konpromiso politiko bat hartu genuen eta espetxeraturik ere borondate horri lotuak izaten jarraitzen dugu. Halaxe sortu dugu Kolektibo hau. Eta zuek ere senide eta lagunen elkartean antolatzea lortu izan duzue. Elkarrekin egiten diogu aurre egunerokoari.

Urteak pasatu ahala, zauriak, gaixotasunak eta heriotzak ere ezagun egiten zaizkigu, hari oso fin baten gainean bizi izango bagina. Eta horrela da.

Zein madarikatuak diren gure sufrimenduaz biziz, zein eroso gerra zale horiek.

Zer ez digute egin, bada, hain zuzen ere espetxe politika hiltzaile bat asmatuz gure kontra. Gure eta zuen kontra. Mina baino besterik sortzen ez duena, alegia.

Azken gertakizunei soaldi bat eginez:

– Aipatzekoa bitartekarien atxilo eta espetxeratzeak. Ez gaituzte nahi hurbil; ez gaituzte eztabaida politikoan murgildurik ikusi nahi; euskal gizartetik urrun nahi gaituzte, gure isolamendu fisiko eta politikoari indar eginez. Gure bakardade eta gure eta zuen suntsipena helburu.

Euskal Herrian eta Nazioartean gure presentzia eta ekarpen politikoaren eraginkortasuna gauzatu asmoz, zubi lan hori jorratzeko konpromiso politiko publikoa hartu zuten hainbat kideek eta horietatik zortzi, egun, Euskal Preso Politikoon Kolektibo honen partaide bilakatu dituzte. Zuoi, zortzi kideoi, eta zuen senide eta lagunei gure altzo, babes eta besarkada.

– Gogora ekarri mahi genuke ere Herrira mugimenduaren ilegalizazioa, hainbat eta hainbat bolondresen presoon eskubideen aldeko lan eskerga. Txalogarria eginen zaiguna. Ezerezean geratuko ez dena, berak utzitako zuzia herri bakoitzean pizturik mantenduko delakoan baikaude.

– Eta beste hainbat zoritxarreko gertakizunen artean, egun hauetan heriotza ere ezagutu dugu. Arkaitzena. Geure artean bizirik eta kaleratzea gertu zuelarik, zerraldo bueltatu dute Elorrioko herrira.

Senide eta lagunok ongi aski diozuen moduan, azken hamahiru urte hauetan aplikatu zaion espetxe politika horrek erahil du gure Arkaitz.

Elkarrekin konpartitzen ditugun pasarte mingarrien zerrendak eta bere ezaugarriek bukaerarik ez lukete izango. Hamarkadetako kontua baita, guk bezain beste eta gehiago ere ezaguna egiten zaizuena

Hori guzti-guztia bergogoratzea ez gatozkizue, ordea. Ez.

Gaurko goiz honetan muxu maitekor bat eman nahi izateaz gain, gonbidapen bat egitera gatozkizue, dinamika baterako deialdi bat egitera, alegia.

Bai, estatu eta bere aliatu madarikatu horiek ez mugitzeak ezin gaituelako gu geldirik egotera eraman. Eta jakin badakigulako, gure etxeratze bidean, Euskal Herriratuak izateko borroka biderik baino besterik ez dagoela.

Gaur Euskal Herrian egoera politikoa bestelakoa da, hainbat eta hainbat erabaki politiko historikoak hartu dira. Eta gu geu ere horren alde eta horretan ari gara. Bai gure militantzia politikoa beti konprometitua izan delako, bai konpromiso hori euskal gizartearekin batera elkarlan bat lortuz, sinetsita gaudelako gure nahiak lortu lortu egingo ditugula.

Euskal Herriratze dinamika bat jarriko dugu abian, posizio politikoa finkatuz eta etxeratze bidea marraztuz. Estatuen ukoaren eta borondate ezaren gainetik kokatu nahi dugu gure ekimena, bai modu kolektiboan bai modu pertsonalean, eta beti ere azken hilabete luze hauetan izan dugun hausnarketaren ondorengo erabakiak gauzatuz.

Hartara, martxotik udara bitarte izanen da Euskal Herriratze eskaera ekimenaren dinamika, multzoka edota txandaka, hauetariko bakoitzak bere ezaugarriak izango dituelarik (gaixoak, 70 urte baino gehiago dituztenak, 20 urte baino gehiago espetxean, EPPKren zuzendaritza politikoa, bikoteak, 15 urte baino gehiago espetxeratuak, e.a.).

Euskal Herriratuak izan behar dugu:

– Dispertsio politikorakoaren aldeko inolako legerik ez dagoelako.-
– Eragiten diguten min guztia defendatzeko ez dagoelako inolako argudio edo elementu juridikorik, politikorik, sozialik…
– Euskal Herrian dugun arazo politikoaren irtenbidea erabaki politikoetatik hasi behar delako, errepresioa alde batera utziz.-
– Konpromiso politiko horren eginbeharrak eskubideak errespetatzea baino besterik ez delako.-
– Aplikatzen dizkiguten neurri bereziekin bukatu egin behar dutelako, eta lege eta araudi berriak sortu gatazkaren irtenbide politikorako baliabide bilakatuz.-
– Euskal Herrian bildu behar gaituzte geure eskubideen jabe, eztabaida politikoan parte hartu ahal izateko, zeren nekez eginen du bestela zintzoki aurrera prozesu demokratiko batek presoon parte hartze eta ekarpenik gabe.-
– Zuengandik hurbil eraman behar gaituzte, bizitza afektiboa oztopatu gabe, zuen bizitza bide luze eta neketsu horietan galdu gabe.-
– Euskal gizartean murgildurik izateak, gatazkaren konponbidearen ildotik urrats handi bat ematea litzatekeelako.-
– Euskal Herriratu behar gaituzte, azken batean, gure militantzia politikoaren jarduna kartzelan baino kalean izan dadin.

Iniziatiba eta jarrera politikoak gauzatu beharko ditugu, elkarrekin borrokatu egin beharko dugu Estatuen borondate edo konpromiso politiko hori irabazteko.

Arazo politikoak ekarri gaituzte honat, Estatuen helburu politikoek gaituzte preso eta guzti horren aurkako gure borroka jarrera mantentzeko asmoa dugu, Euskal Herriaren demokraziarako bidean gure Herriarekiko borondate hau eraginkorra eginez.
Eta hartara jo nahi dugu: benetako prozesu demokratiko bat abian jartzea lortu nahirik, gatazkan parte hartu izan duten guztien artean egia mahairatu eta bakoitzaren jarduera politikoaren erantzukizuna aztertuz. Horra hor, bada, gure prestutasun politikoa.

Senide eta lagun maiteok:

– Ziur gaude nazio batzar honetan bidea elkarrekin egin beharra berretsiko duzuela.-

– Etxeratze bide horretan, zauritu, gaixotu eta hiltzen gaituen sakabanaketa politikarekin bukatzeko, indar guztiak horretara bideratu eta biderkatuz. Eta inoiz baino gehiago oraintxe, datozen asteetan Euskal Herriratze dinamika bati abia emango diogunean.

– Indarrak metatu eta, praktikan, aktiboak eta eraginkorrak bihurtuz, sinetsita eta denon artean hori lortzeko zorian aurkitzen garelarik.

– Gatazkak sorturiko biktima batzuengan mendekua eta goi mailako politikaren aginteritzaren egarria nagusitzen diren bitartean, zuek betiko eginbehar eta ezaugarri irmoari segituko diozuelakoan gaude, hau da: sufrimendu guztien desagertzearen aldeko konpromisoa eta benetako konponbidearen aldeko ahaleginetan. Finean, “gehiago horrelakorik ez!” banderari gogor lotuz.

– Eta, azken batean, zera ulertuz: gure Herri honek pairatzen duen gatazkaren konponbidea eskubideak errespetatzean datzala. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Beraz, egun bizi dugun krudelkeri guzti honekin amaitzeko, herri gotorleku sendo bat elkarrekin eraiki dezagun.

Estatuen legediaren, epaitegien eta epaileen biolentziari amaiera eman diezaiogun.-

Salbuespen neurri guztiak altxatu eta, gure etxeratze bidean, gatazkaren konponbiderako urratsak ematera behartu ditzagun.-

Denok Euskal Herriratuak izan, egoera larrian aurkitzen diren kideak kaleratu, gure eskubide zibil eta politikoak errespetatu, prozesu politikoan parte hartu… Guzti hori errealitatea bilakatzeko egin behar dugu borrokan, elkarrekin eta euskal herritar eta eragileak konbentzituz, hartara bideratu behar ditugu gure indarrak eta lorpenaren sinesmenaz gainera.

Sinetsi, bai. Sinetsi gure eskuetan dagoela, sakabanaketaren aurkako banderari helduz eta bultza eginez denon artean espetxe politika honekin amaitzerik izanen dela. Halaxe gure Euskal Herriratze dinamikaren berri hedatuz, indarrak horren alde eginez. Izan gaitezen, bada, gu geu denok aktibo eta aktiboak bilakatu beste guztiak, eskubideak urratu baino besterik egiten ez dituzten horma hauek botatzeko nahikoa indar baitaukagu.

Halaxe egin eta etorkizun hori lortzea diegu zor bide erdian geratu zaizkigun preso, zein senide eta lagunei. Halaxe diogu zor Arkaitzi, Angeli, Xabierri, …

Euskal Herriak merezi du eta lortuko dugu.
Bide lagun zaituztegu.
Gora zuek!

Euskal Preso politikoak EH-ra!
Amnistia-Autodeterminazioa!

EPPK
Euskal Herria bihotzean
2014ko otsailean

Tagged with →