Estatu frantziar eta espainiarraren errepresioa, lehenengo pertsonan ala gertukoengan jasan duten pentsamolde ezberdineko herritarrak biltzen dituen Etxerat elkarteak XII. Batzar Nazionala egin du otsailaren 17an. Presoen eskubideen aldeko lana atxikitzeko animatuz eta egoera politikoaren lerro nagusiak aztertuz, EPPKk bere agurra bidali du bertan direnei.

Etxeraten Batzar Nazionalari agurra.pdf

ETXERAT-EN BATZAR NAZIONALARI AGURRA

Agur eta besarkada beroa Batzar Nazionaleko partaide guztioi! Gure maitasuna helarazten dizuegu presoon eskubideen alde ezin duinago lanean jo eta ke ari zareten guztioi!

Garai zaila bizi dugu, korapilotsua. Gure Herriak askatasunaren aldeko hautua aspaldi egina du. Hautu politiko horrek ondorio emankorrak bezain gogorrak ekarri dizkigu denori. Norabidea berritu dugun honetan, aukera berriak ireki ditugu, baina bidea koskaz beterik dugu. Lehen zaila zen eta aurrerantzean ez da errazagoa izango.

Gobernu espainol eta frantsesak, aukera horiek zapuzteko indar guztia jartzen ari dira. Ezer mugituko ez dutelakoan, etsipena zabaldu nahi dute euskal jendartean. Espetxeetan eta lanean buru belarri zabiltzatenon artean ere. Presoak baliatu nahi gaituzte prozesu politikoa zingiratzeko. Horregatik azpimarratzen dugu, gure egoeraren hobekuntza baino jokoan dagoena prozesu politikoaren bideragarritasuna dela. Ez galdu adorea, bideari eutsi behar zaio eta!

Zorionez Herriak bizirik jarraitzen du. Ekimen ugariren artean berriz ere mobilizazio erraldoiarekin berretsi du presoen egoera lehentasunez konpontzeko auzia dela. Zorionak, egindako lanagatik eta izandako arrakastagatik ! biba zuek !

EPPK-k posizio politikoa gaurkotu du, Gernikako akordioa izenpetzetik prozesu politikoan sakonduz. Barne zein kanpo antolakuntza, zuzendaritza eta mintzakidetzarekin sendotuz. Bitartekariekin, eragile sozial eta politikoekiko hartuemanak berreskuratuz. Bere ekimenekin eztabaida politikoan kokatu eta besteak mugiaraziz. Jendarte eta eragileekin batera, beste borroken artean Josu kidea etxeratzea lortuz. Muturreko neurrien aurrean irmo eta prozesua sustatzeko urratsak ematen.

Berehalako erronka hor dugu begien aurrean. Herriz herri, konpromisoak biderkatuz, jendarte zabala astinduz, agintari espainol nola frantsesak mugiaraztea. Espetxe politika jasangaitza bilakatu behar diegu. Sakabanaketarekin behingoz amaitzea lehentasun politikoa da : Euskal Herrian biltzeak aukera eta baldintza berriak sortuko ditu urrats berrietarako. Hor jarri behar dugu indar guztia. Aitzakiarik ez dute sakabanaketa mantentzeko, ez politiko ez legalik ere. Senide eta lagunok, gaur, iraganeko beste une garrantzitsu askotan bezala Etxeratek berebiziko papera du. Presioa gorena eragin behar zaie urratsik eman nahi ez duten indar eta agintariei. Apostuan sinetsi behar dugu eta epe motzean lortzera jo ! Jendartearen hitzaren indarra dugu bidelagun.
Salbuespen egoera eta neurri oro indargabetu behar dute. Martxoaren 20an zigorrak luzatzeko doktrinaren auzi berria dator. Inflexio puntu berria krudelki bahiturik ditugun kideen kaleratzea behartzeko. Gogor egin behar dugu guztiak kaleratu arte !
Barau eguna egin dugu abenduan sakabanaketa amaitu eta Euskal Herriratzeko. Komunikazio greba Bilbon izateko. Dinamika berritu eta iraunkorra abiatu dugu doktrinapeko kideak kaleratu eta guztiak Euskal Herriratzeko, 3. eta azken ostiraletan ekimenak burutuz.

Oinarriok jauzi berrietarako baldintzetan kokatzen gaitu. Herriarekin, eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera, zuekin senide eta lagunak eskuz esku, urrats erabakiorrak emateko garaian gaude. Gure indarra gainerako herritarrenari erantsi nahi diogulako. Helburua Euskal Herri librean aske bizitzea dugulako. Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte eta borrokatzen segitzen dugu, militante politiko eta herritar gisa Herriaren eraikuntzan parte hartu nahi dugulako.

Zuek kanpotik eta guk barrutik, LORTUKO DUGU!!

Euskal Presoak, Euskal Herrira ORAIN!
Amnistia eta autodeterminazioa!

EPPK
2013ko otsailean

Tagged with →