Herri(r)a aurrera!.pdf

EPPKren gogoeta Euskal Herriari: Herri(r)a aurrera!

Gobernu espainolak, Entzutegi Nazionala eta Guardia Zibilaren esku hartzearekin Euskal Herrian burutu berri duen operazio politiko-militarra indar biziz salatzen dugu. Presoen eskubideen aldeko mugimendua erasotu dute berriz ere, orain Herrira mugimendu berri, zabal eta arrakastatsua izan da jo-puntua. Doakie lerrootatik gure besarkada arrestatu eta indarrez Espainiara bahitutakoei, haien senide eta lagunei!

Presoen eskubideen aldeko olatua lehertzera jo dute. Orain, inoizko atxekimendu zabalena berraktibatzen eta indartsu ekiteko grina berpizten ari denean. Mugimendua aldiz ezin eten daiteke, preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria eten ezin daitekeen bezalaxe. Tantaz tanta osatutako itsasoa harrotu-errotu baita, azken preso-iheslaria Herrira-Etxera itzuli arte. Gora Herria!

EPPK-k operazioa bere kontrako erasotzat jotzen du. Euskal Presoon eskubideen aldarrikapena eta elkartasun humano eta politikoa hamaikagarrenez kriminalizatzera datozkigu. Madriletik Langraitzeko damuketa iruzur-bidean etsiarazi nahi gaituzte. EPPKren ildo politikoan eragin asmo dute, hausnarketa zabala aurrera daramagunean eta ondorioak plazaratzeko tenorean gaudenean.

Haratago ere badoa. Ilegalizazio politika, Damocles ezpata gisa goratu dute komando kolpea emanda. Zer nahi egiteko gai direla erakutsiz, salbuespen egoera indarrean eta aro berria irensteko ere gai badela. Oharkabe, gatazka politikoaren arrazoiak biluztu dizkiote nazioarteari: Euskal Herriarekiko inposaketa, harrokeria eta demokrazia eza. Gako politikoak aldatuta ere, haiek bereari eusten diotela: tabula rasa.

Euskal jendartearen kontrako kolpea. Konponbidean sinetsi eta indarra jartzen ari diren herritar eta eragile ororen kontrakoa. Gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko ahalegin handiaren kontra. Herri hau burujabe izateko urrats ororen kontra. Zinez, ekintza faxista izan da.

Espainiak irudikatu nahi luke egoera politikoan inolako aldaketarik eman ez balitz bezala, paradoxikoki gatazka politikoa ukatzen duen hein berean. Munduaren-Europaren begietan jarri nahi duen argazkia konfrontazio militarrarena da. Terrorismoaren kontrako borrokan murgildua jarraitzen duela. Ezker Abertzaleak konfrontazio demokratikoaren aldeko hautua egin izan ez balu bezala. Arrabotsa zabaldu nahi du ere, indarrean duen espetxe politikari Europatik zaplastekoa iragarrita den testuinguruan. Irekia den eta itxi nahi duen prozesuaren kontra jo du. Berriz ere tronpatu da. Espainiak ez du krediturik Europan! Hara, operazioaren intentzionalitate politikoa.

Ezin albora utzi, EAJk jokatutako papera. Lehenik, Guardia Zibilaren komandoei lana errazteko Ertzaintzari agindua emanez. Txapelokerren aurrean herri ordezkariari burua irekiz, ikusi nahi ez duenarentzat irudi argigarria. Bigarren, erantzun instituzional bateratua eskaini du erdigune puntura mugitzeko. Hirugarren, diskurtso zaharkitu eta pozoitua abiatu du Urkullu eta Atutxaren ahotatik.

Eraso faxistari babes autonomikoa emateak ba ote du zer ikusirik Fernandezen Bake eta Elkarbizitza Planarekin? Herriraren etenaldia indarrean jartzeko debeku, pilotakada eta porrazoka ekingo ote diote? Zipaioek presoon argazkien sorgin ehizarekin jarraitu behar ote dute? Nolako zilegitasun, autoritate eta sinesgarritasun ote du Gobernu-Lehendakari batek indar armatu arrotzen inkurtsio batean herritarrak arrestatu, bahitu eta kanporatuta? Oinarrizko Eskubideen bermerik eskaintzen ez duenean?

Iraganeko diskurtso zaharkitua berreskuratu eta ardura Ezker Abertzaleari leporatzea maltzurra da. Ezker Abertzalearen presioagatik ez omen ditugu onartzen espetxe onurak. EPPK-k ez ditu espetxe onurak ukatzen, aski da mantra honekin: espetxe onurak xantaia gisa instrumentalizatzen dituzte ESKUBIDEAK UKATZEKO. Hori da espetxe politikaren perbertsioa, EAJk oraindik baztertu ez duena.

Aitzol Gogortza eta Txus Martin gaixo larri ditugun kideoi etxeratzeko atea itxi berri diete. Ez EPPK-k, Gobernu espainolak baizik. Edo, Ezker Abertzaleari EPPKrekiko balizko beto hori altxatzera al dator operazioa, guk eskubideak (onurak!) balia ditzagun?

Tristea da egiaztatzea konponbidean protagonismoa aldarrikatzen duenak bere bide propioari heldu baino morrontza politikoari dion menpekotasuna. Ez dago erdigunerik. Estatuak daude alde batetik, Euskal Herria bestetik. Bidea oztopatu baino ireki egin behar dugu. Euskal preso politikooi eta Euskal Herriari dagozkion eskubideen alde borrokan jarraituko dugu etsi gabe, egoeraren irakurketa, oztopo eta aukerak, urrats eta ekimenak konpartitzeko bideak irekiz. EPPK horretan ari da.

Erantzun behar da. Herri gisa, herritarrek, eragileek, instituzioek. Egunotakoak bidea erakusten digu. Herritarron erreakzioan baitago koxka. Gatazkak eragindako ondorioak konpondu behar dira. Aldi berean gatazkaren arrazoi politikoak mahai gainean jarriz, iruzurrik ez gertatzeko eta gure etxea antolatzeko bidean jartzeko.

Azkenik, herri hau preso, baldintzapeko askatasunean iraunkortzeko misioa duten indar armatu arrotzek hanka egiteko erantzun herritar, politiko eta instituzionala artikulatu behar da. Arma gabetu ez eta erabiltzen jarraitzen duten horiek, Alde Hemendik!

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia osoa, Autodeterminazioa! Lortuko dugu!

2013ko urrian, Euskal Herria bihotzean

EPPK

Tagged with →