EPPKren agiria.pdf

SAKABANAKETAK 25 URTE: AMAITZEKO GARAIA DA

EPKK-ko kideok martxoan abiatutako Euskal Herriratze ekimenean murgilduta gauden honetan, agiri honen bidez gure gogoeta konpartitu nahi dugu euskal gizartearekin eta bereziki, euskal Foro Sozialeko partaideekin.

Espainiar eta frantses estatuek beti nahi izan ditu bere atzaparretan eroritako euskal borrokalariak beren ingurune hurbiletik aldendu. Duela 25 urte, EPPK-ren aurkako errepresioaren torlojuari koska bat gehiago estutu zioten, euskal preso politikoon ordura arteko deportazioari, bi urte lehenago jadanik abiatuta zuten sakabanaketa gehituz eta orokortuz.

Askapen borrokaren katebegi ahulena ginelakoan, Kolektiboa apurtzeko apustu gogorra egin zuten. Zatiketa lortuz gero, kartzelara ekarri gintuen askapen prozesuak bere egina izango zuelakoan.

Hartara, gure artean isolatu nahi izan gintuzten eta gure senide ea lagunekiko harremanak ez ezik, herritarrekikoak ere zaildu.

Hori egiteko une esanguratsua hautatu zuten, gainera: Aljerian ETAk eta Espainiako Gobernuak izandako elkarrizketa politikoen hausturaren biharamuna. Une politiko giltzarri horretan, Ajuria-Eneko ituneko alderdien oniritzi eta babesarekin abian jarritako presoon sakabanaketa, Estatu espainiarrak 1989an indartutako estrategia errepresiboko beste atal bat izan zen: militanteen errematatzea, errefuxiatuen deportazioa, herritarren aurkako gerra zikina.

25 urteren ondoren, gu eta gure hurbilekoak bete-betean jo gintuen politika anker horrek eragin dizkigun zauri eta sufrimenduak ez ditugu ezkutatu nahi. Kartzeletan, errepidetan, manifestazioetan, burkide, senide, lagun eta herritarren artean eragindako hildakoak eta zaurituak izotz-mendiaren alde ikusgarria baino ez dira.

Ez dugu sakabanaketa eta deportazioarekin amaitu, baina prozesu politikoak bere bizkar jarri zuen erronka horri eutsi dio Kolektiboak. Onartuko ez badute ere, badakite: huts egin dute, ez dute helburua lortu. Kolektiboak egoera berriari aurre egiten jakin izan zion, antolatu eta borroka-fronteari eusten. Alde horretatik, apaltasunez esan dezakegu Kolektiboak lehengo lepotik duela burua.

Ez dugu sakabanaketarekin eta deportazioarekin amaitu, baina eskerrak emateko une aproposa da urteurren hau:

– Eskerrak, alboan izan zaituztegun guztiei, zuek gabe ez baikenukeen lortuko zigor erantsiari eustea, gure urruntzea eta sakabanatzea erabateko isolamendu ere bilaka ez zedin ekiditea.

– Eskerrak guraso, anai-arreba, seme-alaba, emazte, senar, senideei oro har, eta baita adiskide lagun eta herritar ezezagunei, errepidez, airez eta itsasoz Euskal Herrira lotzen gaituzten sustraiak etenik gabe ureztatu dituzuenoi.

– Ezin zenbatu elkarretaratze, manifestazio, gose-greba eta mota guztietako ekitaldi eta ekimenen bidez presoon eskubideen defentsan aritu diren herritarrei. Nabarmenduz, batzuek kartzelarekin ordaindu dutela elkartasunezko zeregin militantea.

Iragan 25 urteotan egoera politikoa asko aldatu da, ordea.

EPPK berriro ere nabarmendu nahi du bere ikuspegitik egoera politikoa errotik aldatu duen gertaera nagusia: ETA Erakundeak 2011ko urrian borroka armatua behin betirako uzteko erabakia.

Baina horrekin batera nabarmendu nahi dugun bestea hau da, guretzat esanahi sakona duelako: kaleetan gure argazkiak erakustea, debekatu eta zigortzeraino iritsi badira ere, euskal preso politikook, urrunduta eta sakabanatuta egonda ere, inoiz baino babestuago eta herrian txertatuago sentitzen gara, gure herriaren alde antolatzen diren ekinbideen partaide sentitzen gara.

Bada, hala ere, aldatu ez denik: menpean gaituzten estatu bien jokabidea berdina da, krisi ekonomikoaren aitzakiaz aberats eta bankariak saritu eta langileak eta herritar xumeak zigortzen dituzten horiexek berek, EPPKren aurkako erasoaldian etenik jartzeko asmorik ez dutela erakusten digute, egun batean bai eta hurrengoan ere.

Sinistea zaila baita askorentzat Euskal Herrian bizitzen ari garen egoera berrian, eta Arkaitz Bellon burkidearen heriotzaren ostean, Iosu Uribetxeberria, Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Ibon Fernandez eta gaixo dauden burkideekin eta adinekoekin egiten ari direna.

Ulertezintasuna hedatzen da Fernando Sota tafallar gaztea presoon argazkiengatik urtebetera kondenatzea eta gainera kartzelan sartzea; edota Aritxulegiko Gudarien oihana desegitea eta horren aitzakian herritarrak atxilotzea.

Jokabide hori ez da berria guretzat, baina Euskal Herriko egoera berrian harrigarria gertatzen da askorentzat.

Urruntasun honetatik ordea, argi ikusten da Europako Tribunalak 197/2006 doktrina indargabetu ostean, espetxealdia luzatzeko Audientzia Nazional espainiarrak hartu berri duen erabakiaren modukoekin Estatuak zein helburu politikoren atzetik doazen: aurrena, etsipena hedatzea; ondoren, prozesu politikoa ez atzera eta ez aurrera mantentzea; eta azkenik: Euskal Herriko prozesu politikoa errailetik ateratzea.

Katebegi ahultzat gauzkate oraindik eta helburu berria aurkitu diote zigor zaharrari. Horra sakabanaketa eta urruntzea mantentzeko erabakiaren zinezko azalpena.

Sakabanaketa abiarazi zuten unean berean aldarri berri bat sortu zen euskal herritarren eztarrian: “Euskal presoak Euskal Herrira!”. Aldarriak inoiz baino indar gehiago du gaur egun. “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” lelopean egindako urtarrileko manifestazio erraldoiak segida eskatzen du, helburua lortu arte.

EPPK ari da ekarpena egiten espainiar eta frantziar kartzeletan gauzkaten presoon deportazioarekin eta sakabanaketarekin amaitzeko. Adierazpenetatik harago urrats erabakigarriak emateko garaia da, espetxe politika honekin amai dezaten. Uneak eskatzen du instituzio maila oro eta gorenetatik dagozkion erabaki politikoak hartzea. Uneak eskatzen du, herri mobilizaziotik, dagozkion presio bideak garatzea. Oinarrizko eskubideen urraketarekin amaitzeko nazioartetik etor daitekeen laguntza oro, Euskal Herrian egiten dugunaren ondorio baino ez da izango.

Erabakitzeko eskubidearen aldarria eta gauzatzea Europaren bihotzean indartsu eta gaurkotasun osoz entzuten ari da aurtengo urtean. Joan den igandean, oraintsu arte eta urte luzez kartzelan bahituta eduki dituzten hamarnaka kidek alboetan egokitutako herritar ezezagunei esku ahurrak estutu zieten bezala, EPPK-ko kideok, gorputzez ezin baina gogoz egon ginen Euskal Herria zeharkatu zuen giza kate horretan. Ekainaren 8an, herritarrek erakutsi zuten ez dagoela zain egon beharrik, gure esku dagoena egin egin behar dugula.

Eta ekainaren 14an, Baionako kaleak betez berriro ere erakutsi dugu euskal preso politikoak herritarrengandik isolatzeko asmoz Estatuek oraindik ere indarrean duten sakabanaketa eta deportazio politikoaren porrota.

Euskal Presoak Euskal Herrira!

EPPK

Euskal Herria bihotzean, 2014ko ekainean

Tagged with →