Erabakiak hartzeko garaia.pdf

Erabakiak hartzeko garaia

EPPKak martxoan abiatutako ekimenaren baitan gaudela, bere gogoeta konpartitu nahi du agiri honen bidez euskal gizartearekin:

Sakabanaketaren 25. urteurrenean hainbeste sufrimendu eragiten duen espetxe politikarekin behingoz amaitzeko jarri dugu martxan Euskal Herriratze dinamika, herritar, eragile eta instituzioen babes zabalarekin. Eskaera indibidualak era mailakatuan presentatu ditugu, iragan abenduko adierazpen politikoa ardatz eta haren segida gisa. Gure ekarpen politikoa da, presoon egoera konpondu ezezik konponbide osoa sustatu nahi duena.

Ekimenaren eragina baikor baloratzen dugu. Urtarrileko mobilizaziotik presoon eskubideen aldeko dinamika berrindartzen lagundu du. Gasteizko Parlamentuak EPPKren posizio politiko berria esanguratsu eta garrantzitsutzat jo du, WesTminsterrekoak bezalatsu, nazioarteko babesa gorantza datorren seinale. Gure erabaki eta konpromisoari, iheslari politikoen urratsa zein Erakundearen armen zigilatze ekimena gehitu zaizkio, Foro Sozialetik eratorritako batzordearentzat ibilbide orri zabal bezain zahatza irekiz.

Tamalez izan da denbora honetan kontrako norantzan joan diren gertaera hitsik. Arkaitz Bellon kidearen heriotza oroz gain. Gaixo ditugun kideekiko jokabidea, izan Josu Uribetxeberria, Ibon Iparragirre, Bentura Tome, izan Ibon Fernandez… Europak indargabetutako doktrinaren ildo beretik espetxealdia luzatzeko Entzutegi Nazional espainolaren erabaki-asmo berria. Bitartekarien espetxeratzea. Fernando Sota tafallar gaztearen auzia. Zerrendari hainbat arduradun politikoren adierazpen eta jokabide iraingarriak gehituko dizkiogu: Espainiako Barne ministroarenak gaindituz, haren makuluarena egin dute beste behin ere. Presoon ekimena desitxuratu asmo txarrez, sakabanaketarekin amaitzeko erabakitasun eza saihestuz, inon jaso ez eta exijitzen diren aurrebaldintzak kontrajarriz. Baita Gobernu espainolak berak duela bi urtetik hona ezkutuan duen planaren zirriborro hartan jasotzen ez zirenak. Inork gutxi uler dezake garaiotan halako erdeinurik.

Garai berriak, erabaki berri(tzaile)ak. Adierazpenetik haratago urrats erabakigarriak emateko garaia da. Makurkeria alboratu eta luzamendu gehiago gabe sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko erabakitasunarena. Uneak eskatzen du instituzio maila oro eta gorenetatik dagozkion erabaki politiko-instituzionalak hartzea. Lidergoaren unea da, ez otzantasunarena. Uneak eskatzen du, herri mobilizaziotik, dagozkion presio bideak garatzea aurrekoa gauzatzeko. Nazioartetik, Europatik, dagozkien erabaki politiko-diplomatikoak hartzea ibilbidean lagundu, babestu eta eraginkorrak izateko. Oinarrizko eskubideen urraketarekin amaitzeko.

“Giza eskubideak, konponbidea, bakea” erreakzioak segida eskatzen du. Euskal Herriratze eskabideek erantzun positiborako espazioa soilik izan behar dute. Gatazkaren ondorien atal guztiak arrakastaz garatzeko ezinbestekoa, konponbide osoari ateak irekitzeko beharrezkoa. Sen oneko politika eskatzen du. Euskal gizarteak ez luke besterik ulertuko.

EPPKak bere erabaki guztiak berresten ditu. Gure posizio politiko berriak ibilbide emankorra eskaintzen duela sinetsita gaude.

Erabaki eskubidearen aldarria eta gauzapena Europaren erdigunean indartsu eta gaurkotasun osoz den honetan, ilusioz indarrak askatzearekin bat egiten dugu herritarrekin. Jarriko dugun indarraren baitan da konponbide demokratikoaren gakoa.

Espetxe arauak dira presoontzat, Konstituzio arrotzak bezala Euskal Herriarentzat. Burdin kateak ekainaren 8an giza kate! Gure esku da! Ekainaren 14an denok Baionara!

Euskal presoak Euskal Herrira!

Amnistia-Autodeterminazioa!

Euskal Herria bihotzean, 2014ko ekainean.

Tagged with →