EU.pdf / ES.pdf // EU.bideoa / ES.video

ADIERAZPENA

Joan den martxoan eratu zen Euskal Herriko Foro Sozialak konponbide prozesuaren buxaduraren aurrean hainbat gomendio egin zituen. Horietako batzuek zuzen-zuzenean eragiten diote gure Kolektiboari.

Gomendiook EPPKk aurrera daraman hausnarketa-prozesu eta dinamikatik etorri ez diren arren, konponbiderako osagaiak biltzen dituen heinean eta aski babes sozial eta politiko jaso duten heinean, aintzat hartzeko modukoak dira. Hartara, eztabaidagai izan ditugu iragan hilabetetan.

Ohartarazi nahi dugu zer nolako baldintza zailetan eta zer nolako jazarpenari aurre egin behar izan dion gure Kolektiboak eztabaida-prozesu honi ekiteko orduan. Kartzeletako errepresioa beti muturrekoa bada ere, pentsatzekoa zenaren oso bestela ETA erakundeak duela bi urte luze borroka armatua behin betirako bertan behera uzteko erabakiaren ostean, berori ez da malgutu, eta kasu batzuetan zorroztu ere egin da. Honaino ez da iritsi aro berriaren usainik. Estatu espainiar eta frantsesaren bahitu politikoak gara, eta egunez egun jasaten dugu kartzela funtzionarioen bidez eta berariaz gu eta gure senide eta lagunak xehatzeko asmatutako kartzela-sistemaren jazarpena.

Salbuespen lege eta neurriak presoon eskubideak eta onurak berariaz ukatu eta kaleratzeak
oztopatzeko baliatzen dituzte, ezinezko egiteraino. Horrela bete dituzte kartzelak.

Sakabanaketak deportazioa esan nahi du presoontzat, baina presooi baino, senide eta lagunei ekartzen die sufrimendu erantsia. Tortura funtsezko osagaia da makinaria horretan, espetxe politikarekin batera prozedura judizialak berrikusi, kaltea ebaluatu eta erreparatzea ezinbesteko bilakatzen delarik.

Kartzela politika helburu eta interes politikoen mesedetan erabiltzen jarraitzen dute, Europatik sententziatu bezala oinarrizko eskubideak urratuz eta bortxatuz. Lehen, enfrentamendua elikatuz, orain konponbidea oztopatuz. Euskal Herriaren askatasunaren etsaiek, oraingoan bakearen etsai diren berberek, kartzeletako hormen artean ito nahi dute euskal herritarren partaidetza erabatekoz bururaino eraman behar den prozesu demokratikoa.

Asmo horiez jabetuta, konponbide prozesua lokaztu ez dadin, EPPKk dagokion ardura hartu du
beregain. Kartzelara ekarri gintuena gure herriaren askatasun politiko eta soziala izan baitzen. Eta kartzeletako ziegetatik ere militante eta borrokalari izaten jarraitzen dugu. Batzuontzat urte luzeak iragan badira ere azkenez hormatzarretatik kanpoko askatasunaren haizea arnastu genuenetik, gure herriaren geroarekin arduratuta jarraitzen dugu, borrokari lotzea erabaki genuen lehen egunean bezainbeste. Hartara, gure ahal mugatua eta apala ematen jarraitzeko delibero fermua dugularik, gure hausnarketa eta ekimena ildo horretan kokatzea erabaki dugu.

EPPKk, Foro Sozialak egindako gomendioei erantzuteko hausnarketa burutu eta bere posizioa
finkatu du. Euskal herritarrei eta eragileei, eta baita Euskal Herriko Gatazka konpontzeko ardura erakutsi duten nazioarteko eragile eta norbanakoei ere honoko adierazpen politikoa jakinarazi nahi die:

1-Gure ikuspegitik, gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko gatazka beraren jatorri eta arrazoi politikoak aintzat hartzea funtsezkoa da. Ibilbide-orri sendoa behar da gure herriak jasaten duen gatazkaren konponbidea erabatekoa izan dadin. Gatazkaren jatorri politikoak, konponbide politikoa eskatzen du.

2-Normalizazio politikoa, proiektu politiko guztiak demokratikoki garatu eta gauzatzeko aukera bermatzean datza. Etorkizuneko gatazka saihesteko irtenbide politiko partzial edo faltsuak ekidin behar ditugu. Herriari, herritarrei iruzur egin gabe.

3-Konponbide politikoa integrala izatea ezinbestekoa den bezala, gatazkaren ondorioen eremuan ikuspegi osoa kontuan hartzea ezinbestekoa da, ondorioen atal guztiak kontuan hartu eta garatzea. Gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen dugu.

4-Ontzat ematen dugu ETAk borroka armatua bertan behera utziz geroztik sortutako agertoki
berria, eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka aurrerantzean bide eta molde politiko eta demokratikoetatik egitea, norabide horretan hartu diren erabakiekin bat eginez. Hortaz, inposaketari, zapalkuntzari, eskubide urraketei aurre egiteko iraganean baliatu moldeari, aurrera begira uko egitea berresten dugu. Eszenatoki berriarekiko gure konpromisoa erabatekoa da, berau sendotu eta errotzeko EPPK-k bere ekarpena egiteko erabakia berresten du.

5-Premiazkoa da salbuespen neurri eta egoerak bertan behera uztea. Tresneria judizial-juridikoa egoera politikora egokitzea, kartzela politika errotik aldatzea eta sakabanaketari lehentasunez amaiera ematea. Dagozkigun eskubideak baliatu, etxeratzea bideratu eta egoera politikoan konponbide osoari begirako bultzada ekartzea.

6-Horiek horrela, ontzat eman dezakegu gure etxeratze-prozesua -Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez-, lege-baliabideak erabiliz gauzatzea, guretzat inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren. Ados gaude aurrera begira legeek eta bere aplikazioek berebiziko papera betetzen dutela, eman behar diren urratsak sendotzeko izan behar baitute.

7-Gure etxeratzea gauzatzeko, prozesu hori egitasmo orokor baten baitan modu mailakatuan,
konpromiso indibidualarekin eta denbora zuhur batean ere garatua izan dadin aztertu eta
jorratzeko prestasuna dugu.

8-Gure jarduera politikoaren ondorioz gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa onartzen dugu. Gutako bakoitzaren erantzukizuna aztertzeko prestasuna ere badugu, baldintza eta bermeak dituen prozesu adostu batean.

Horretarako:

1-EPPK-k gomendioen inguruan adostasunak eraikitzeko eta aurrera egiteko gomendioen sustatzaileekin eta Euskal Herriko beste eragileekin harremana irekiko du, gomendioen puntuen garapenerako formulazioak bilatzeko helburuz.

2-Kartzeletan bizi dugun salbuespen egoeren gainditzea laguntzeko EPPK-k eragileen proposamen eta gogoetak entzungo ditu eta bereak konpartituko ditu, prozesuak aurrera egiteko erabaki eta urratsek guztiongandiko behar duten babesa izan dezaten.

3-Herritarrei, instituzioei, eragile sozial eta alderdi politikoei dei egiten diegu prozesu integral baten barruan, gure izaera eta duintasun politikoa zalantzan jarriko ez duen etxeratzea eman dadin adostasun zabala bila dezagun.

4-Ez da hau zailtasunen eta oztopoen atzean gordetzeko unea. Oraingoa, ardura politikoaren unea da. Guztiona. Gurea ere bai, gatazka politikoaren parte eta ondorio ere bagarenez. EPPKk ez dio bere ardurari itzuri egingo, ez eta bestek zer egiten duten zeharka begiratuko berari dagozkionak egiteko orduan, gatazkan bezala konponbidean ere aktore aktibo eta eraginkor izateko konpromiso osoa baitugu. Eginahal guztiak egingo ditugu, eskuzabaltasun osoz, Euskal Herriaren askatasuna helburu.

Euskal Presoak Euskal Herrira!
Amnistia-autodeterminazioa!

EPPK
2013ko abenduan, Euskal Herria bihotzean

Tagged with →  

[Etxerat] Hilabetekaria. 2014 urria

2014-11-14

2014 URRIA: Kronika; Dispertsioa 469 preso; Espetxeak; Osasun Eskubidea; Senide eta Lagunak; Urriko elkartruke eta esperienziak; Ekimenak; Mirentxinek 15 urte; EPPK Zerrenda. Gaixotasun larriak dituzten presoak.[...]

[Etxerat] Hilabetekaria. 2014 iraila

2014-10-16

2014 iraila honetan: Kronika; Sakabanaketa 476 preso; Espetxeak; Osasun Eskubidea; Senide eta Lagunak; Instituzioak; Ekimenak; Argazki galeria; EPPK: Zerrenda. Gaixotasun larriak dituzten presoak.[...]

[2017 ekaina] EPPKren agiria euskal jendarteari

2017-07-1

Espetxeen egoeraren gaineko hausnarketa egiten du EPPK-k agiri honetan, eta barne eztabaidaren emaitzaren berri ematen du.[...]

[2017 maiatza] EPPK-k maiatzaren 20ko autobusen martxakoei

2017-05-21

EPPK-k agiri honen bidez agurtu egin du kartzeletako martxa eta ohartarazi egin du noriabide egokian aldaketak ematen ari direla[...]