Adierazpena.pdf

Adierazpena

EPPK-k azken asteotako gertakarien inguruan bere iritzia helarazi nahi dio euskal jendarteari, gertakariok duten garrantziagatik eta bete betean presooi eragiten digutelako bestetik:

– 2014a urte garrantzitsua bezala iragarria zegoen gatazkaren konponbidearen eremuan. Lehen gertaera politikoek iragarpenari erantzun diote: EPPKren adierazpena, preso ohien agerraldia, bitartekarien kontrako operazio poliziala eta Bilboko manifestazio erraldoia, hurrenez hurren.

– EPPKren adierazpenak hautsak harrotu ditu, zimentuak mugiarazi. EPPK-k ahalegin handia egin du, baldintzengatik, eta esan daiteke gehiengo sozial eta politikoarekin bat egin duela. Haratago, nazioartean ere erreakzio positiboak izan direla (Espainia, Frantzia…). Norberak irakurketa propioa egin du. Orain babes sozial eta politiko zabalarekin goaz aurrera. Gobernu espainola geratu da kanpo, bere ukoan kateatuta.

– Ausartak izan dira katerik gabe mintzatu diren lagunak, preso ohiak. Zalaparta ekarri du agerraldiak. Gobernuak ez zuen argazkia ikusi nahi baina, batez ere, mezua entzun nahi. Espetxealdi luzeak ez du jendartearekiko haustura lortu. Duina, arduratsua, eraikitzailea eta positiboa izan da. Balore handia du guretzat.

– Kontrara, EPPK-k adierazpenarekin ireki duen ibilbidea lehertzeko asmotan heldu da bitartekarien aurkako operazio politiko-militar eta mediatikoa. Eragile sozial eta politikoekin, herritarrekin ireki dugun aukera berria zapuztera, EPPK isolatzera. Berandu eta baldar ordea. EPPKren erabakitasuna osoa baita. Oso larria izan da, herritarrek ere horrela sentitu dute. Gobernua bere bortizkeriarekin berriz ere bakarrik.

– Ildo beretik zihoan hilaren 11ko manifestazioa debekatzea, prozezu politikoa sustatzeko dinamika oro paralizatzera. Eragile politiko eta sozialen jarrera eredugarria, herritarren erantzun ikaragarria. Asmatu egin da, garrantzitsua izan da, estrategikoki zuzena eta positiboa. Ugarri berria, segida eskatzen duena eraginkor eta atzeraezin bilaka dezagun.

– EPPK-k bere ildoa garatzen jarraituko du, herritarren babesarekin, Gobernu espainolari denborak ihes egin dio esku artetik. Kartzela politika ez duela aldatuko dioen bakoitzean, aldatu egin beharko duela iragartzen ari da. Ulertu behar du, goiz ala berandu, herritarren borondateari positiboki erantzun beharko diola: sakabanaketa amaitzeko unea heldu da.

Amnistia eta autodeterminazioa! Euskal presoak Euskal Herrira!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal Herria bihotzean

2014ko urtarrila

Tagged with →