Azken urtean hirriratuak izan zareten kideoi.pdf

Azken urtean herriratuak izan zareten kideoi

Agur eta besarkada beroa gu guztion partetik! Ez da erraza hitz batzuk helaraztea orain dela gutxi arte espetxean kide izan zaituztegun lagunoi. Zirraragarria egiten zaigu! Hona hemen hitz batzuk beraz garai berria abiatuko duzuenontzat.

Ongi asko dakizuenez, Euskal Herriak askatasunaren aldeko hautua aspaldi egina du. Hautu politiko horrek ondorio emankorrak bezain gogorrak ekarri dizkigu guztioi. Garaiotan, hautu politikoa berritu den honetan, guztion artean aukera berriak ireki ditugu.

Gobernu espainol eta frantsesak, aukera horiek zapuzteko indar guztia jartzen ari dira. Ezer mugituko ez dutelakoan, etsipena zabaldu nahi dute euskal jendartean. Espetxeetan bezala, bereziki borrokan buru belarri dabiltzanon artean ere. Izan ere, presoak baliatu nahi baikaituzte prozesu politikoa zingiratzeko. Horregatik diogu, gure egoeraren hobekuntza baino jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna dela.

Zorionez Herriak bizirik jarraitzen du. Aurten ekimen ugariren artean berriz ere mobilizazio erraldoiarekin erakutsi du presoen egoera lehentasunez konpondu behar den auzia dela.

Hortxe dugu berehalako erronka guztiok begien aurrean. Herriz herri, konpromisoak biderkatuz, jendarte zabala astinduz, agintari espainol zein frantsesak mugiaraztea. Sakabanaketak ezin du gehiago iraun, amaitu beharra dugu! Inolako aitzakiarik ez dute sakabanaketa mantentzeko, ez politiko ez legalik ere. Espetxe politika jasangaitza bilakatu behar diegu.
EPPK-k posizio politikoa gaurkotu du, Gernikako akordioa babestetik gaurdainoko ibilbidean prozesu politikoan sakondu du. Barne zein kanpo antolakuntza, zuzendaritza eta mintzakidetzarekin sendotuz eta zabalduz. Bitartekarien bidez, eragile sozial eta politikoekiko hartuemanak berreskuratuz. Iazko urte bukaerako ekimenekin eztabaida politikoan kokatuz eta mugimenduak eraginez. Euskal gizarte eta eragileekin batera, beste borroken artean Josu Uribetxeberriaren etxeratzea ahalbidetu zuen borrokaldia gauzatu eta garaipena lortuz. Muturreko neurrien aurrean irmo eta prozesuaren garapena sustatzeko urratsak ematen. Zailtasunen gainetik, urtebetean emandako urratsak hor dira.

Abenduaren 29an barau eguna egin dugu espetxe guztietan sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko. Hilaren 12an Bilbon izateko komunikazio greba. Aurrerantzean dinamika berritua eta iraunkorra abiatu dugu doktrinapeko kideak kaleratu eta Euskal Herriratuak izateko, 3. eta Azken Ostiraletan ekimenak burutuz hurrenez hurren.

Jarritako oinarriak jauzi berrietarako baldintzetan kokatzen gaitu. Herriarekin, eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera urrats erabakiorrak emateko garaian gaude. Gure indarra gainerako herritarrenari erantsi nahi diogulako. Gure helburua Euskal Herri librean aske bizitzea delako. Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte eta borrokatzen segitzen dugu, militante politiko eta herritar gisa gure Herriaren erainkuntzan parte hartu nahi dugulako.

Kaletik, barruan erakutsitako kemen eta duintasun berberarekin, borrokari helduko diozuen konfiantza badugu. Guztion beharra dugu eta! Zuek kanpotik eta guk barrutik, LORTUKO DUGU!!

Euskal Presoak, Euskal Herrira!
Amnistia eta autodeterminazioa!

EPPK
2013ko urtarrilan

Tagged with →