EPPKren agiria euskal jendarteari.pdf

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Agiri honen zio nagusiena, abenduaren 10az geroztik Usurbil hedagune eta Euskal Herriko herri, auzo eta txoko anitzetan “Kalera! Kalera!” goiburupean antolatutako ekimen zenbatu ezinetan parte hartu duzuen guztioi eskerrik beroenak ematea da. Eskerrak ere eman nahi dizkizuegu atzo arte ondoko ziegan kide izan zaituztegunoi, zuek zarete-eta gure isiltasun behartuaren bozeramaile.

Herritarrek beren elkartasun bihotz-zabala erakutsi une berean, estatuek beren aurpegi krudel eta gupidagabeena erakusten jarraitzen dute, gaixo larri dauden presoak kartzelan atxikiz, beraien legeen arabera aske beharko luketenen kartzela aldia luzatuz, adinean oso aurrera egin dutenei ere azken-azken egunera arte kartzelako atea itxita mantenduz.

EPPK-ko kideok ekimen anitzen bidez protesta egiten jarraitzen dugu egoera bidegabe horien aurrean, eta ez gara nekatuko haien askatasuna modu bereziz aldarrikatzen; baina garrantzitsu deritzogu ere azpimarratzea estatuek jokabide horrekin beren ahuldadea eta jite makurra baino ez dutela erakusten, edozein gatazkatan errespetatu beharreko urrezko araua baita zaurituak edota borrokarako ezinduak artatzen uztea.

Estatuen krudeltasunaren ifrentzua da EPPK osatzen dugunok sentitzen duguna, oso-oso harro gaude muturreko egoeran egonda ere eusten dioten kide horiekin batera borrokatzeagatik; guztion gurari nagusia kide horiek lehenbailehen askatasuna berreskuratu eta senide eta lagunen ondoan sendabidean jartzea izanik ere.

Kartzelak hustuko badira, ezinbesteko lehen urratsa da barruan borrokan ari garenon eta hor kanpoan gure askatasunaren alde lanean ari zaretenon esku arteko zubi sendoa osatzea. Bigarrena, Euskal Herrian nagusi den eskabidea entzunaraztea giltzapean gauzkatenei, entzun dezatela “aski da!” ozen bat, Euskal Herriak bakean eta aske bizi nahi eta behar duelako. Aitzakiarik gabe, ordezkari politikoek herriaren gehiengoaren nahia entzun behar dute. Eta ordezkari politikoek, instituzioek eta herritarrek estatuetako agintariak behartu behar dituzte giltzak sarrailetan sartu eta ziegak zabaltzera. Zain-zain gaude gu atearen bestaldean.

Horren harira, gure Kolektiboarentzat erabakigarria den eztabaida abian dugun honetan, eskerrak eman nahi dizkizuegu berau burura eraman ahal izan dezagun laguntza eman digutenei.

Azkenik, dei egiten diogu euskal jendarteari urtarrilaren 14an Bilboko kaletan euskal preso politikoon askatasunaren alde antolatutako manifestazioan parte hartzera. Egun horretan presook ez dugu ikustaldirik izango, gure senide eta lagunak urteko asteburu orotan ez bezala egun horretan Bilbon izango direlako ondoren guri helaraziko diguten herritarren berotasuna jasotzen.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Denon artean lortuko dugu!

Euskal Herria bihotzean, 2017ko urtarrila

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

Tagged with →