EPPKren agura maiatzaren 20ko autobusen martxakoei.pdf

EPPK-REN OHARRA

Lehenik eta behin, euskal preso politikoon aldeko martxa honetan parte hartzen ari zareten erkide eta burkideoi agur bero eta sentitua. Eta gure esker on sakonena zuen ekimenarengatik.

Urtebete eta hiru hilabete igaro dira Abian prozesuaren baitan antolatu zen beste autobus martxa harrezkeroztik. Horrek ematen digu aitzakia atzera begiratu eta denbora tarte horretan Euskal Herriaren askapen prozesuan egon diren aldaketei egokitu zaigun talaiatik erreparatzeko.

Gure iritziz, asko eta norabide egokian aldatu dira kartzela-fronteari dagozkionak. Orduko martxaren bezperetan Angela Davis borrokalari nekagaitzak euskal preso politiko guztion askatasunaren alde utzitako mezua oroitarazten genien autobusetan elkartasuna ekartzera etorri zirenei.

Eta horrela genion: Nazioarteko norbanako eta eragileen babesa garrantzitsua eta ezinbestekoa da edozein borrokak arrakasta izango badu. Baina, herrian bertan borrokarik ez badago, zanpaketari aurre egin eta askatasuna lortzeko borrokarako konpromisorik ez badago, alferrik dira nazioarteko begirale, babes eta bultzada guztiak.

Zentzu horretan, gatazka betikotu eta bake prozesua usteltzen ikusi nahi zutenei berriro ere irakaspen ederra ematen ari zaie Ezker abertzalea herriarekin bat eginda joan deneko urte osoan. Preso kide ohien mobilizaziotik hasi, Ezker abertzaleko antolakundeen eztabaida prozesuekin eta Kalera! dinamikarekin jarraitu eta herritar sektore zabalekin bat eginez Baionan apirilaren 8an burututako armagabetze ekinbideraino.

Euskal preso politikook herritarron konpromisoa behar dugu Estatuek deportazioaren bidez gure herriarekiko, gure inguruarekiko eta gure hurbilekoekiko moztu nahi dituen loturak mantendu eta sendotzeko. Horixe egiten ari zarete une honetan, lekututa gauzkaten sei kartzela esanguratsuetarainoko bidea eginez. Zuek eta gure arteko loturak biderkatuz gaindituko dugu urruntzearekin eta sakabanaketarekin ezartzen diguten zigor politikoa.

Hori baino gehiago: gure askapena euskal herritarren ahalegin eta borrokaren ondorioz etorriko da, kartzelak bake prozesuak eta askapen prozesuak bat egiten duten bidegurutzean baitaude.

ETAk armen bidezko borroka bertan behera uztea erabaki zuenez geroztik aldaketa handia gertatu da Euskal Herrian. Paradoxikoa badirudi ere, horregatik gauzkate oraindik kartzelan, deus aldatu ez dela irudikatzeko, ezkerreko abertzaleen artean etsipena eta haserrea hedatzeko; eta baita, gure kaleratzearekin batera sortuko litzatekeen aldaketa-haizea ekiditeko ere.

Horregatik erabaki zuen EPPK-k burutzen ari den eztabaida termino estrategikotan planteatzea eta Kolektiboa bera eta burkide bakoitza etorkizunari begira jartzea.

Hausnarketarako Oinarrizko Txostena publiko egin genuen arren, guretzat berebizikoak diren bi puntu azpimarratu nahi ditugu: garrantzitsuena, kalerako bidea Ezker abertzalearekin ez ezik euskal herritarrekin, herriari atxikita egiteko asmoa dugula. Eta bigarrena, aurrerantzean gure ekinbidea Euskal Herriaren independentzia prozesuari lotuta garatuko dugula.

Azken ekarpenak biltzeko data jarri genuen (maiatzaren 20a hain zuzen ere) eta uda partean jakinaraziko diogu euskal jendarteari zein izan den Kolektiboko kideok burutzen ari garen eztabaidaren ondorioa, nondik nora joko duen gure ekimenak.

Euskal preso politikoon askatasuna eskatzeko ekimen ugari antolatu da udaberrian hasi eta uda osoan. Kolektiboko kideok ere bat egingo dugu ekimen horiekin, gure buruak eta ekimenak kalera begira jarriz, herritarrekin, auzoko taldeekin, eragileekin komunikatuz.

Amaitzera goaz. Edozein iraultzailerentzat pribilegio handia da munduko injustiziaren aurka borroka egiteko aukera izatea. Gure konpromisoak kartzelara ekarri gintuen, baina ez du horrek aldatu gure iritzia, ez bada indartu: pribilegio handia da Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin ahal izatea, helburu horren alde dugun onena emateko aukera izatea.

Ematen diguzuen babes, elkartasun eta maitasunagatik eskerrak! Denok batera lortuko dugu kartzelak hustea eta Euskal Herria askatzea! Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo ta ke, irabazi arte!

EPPK

Euskal Herria bihotzean, 2017ko maiatza

Tagged with →  

[Etxerat] Hilabetekaria. 2014 urria

2014-11-14

2014 URRIA: Kronika; Dispertsioa 469 preso; Espetxeak; Osasun Eskubidea; Senide eta Lagunak; Urriko elkartruke eta esperienziak; Ekimenak; Mirentxinek 15 urte; EPPK Zerrenda. Gaixotasun larriak dituzten presoak.[...]

[Etxerat] Hilabetekaria. 2014 iraila

2014-10-16

2014 iraila honetan: Kronika; Sakabanaketa 476 preso; Espetxeak; Osasun Eskubidea; Senide eta Lagunak; Instituzioak; Ekimenak; Argazki galeria; EPPK: Zerrenda. Gaixotasun larriak dituzten presoak.[...]

[2017 ekaina] EPPKren agiria euskal jendarteari

2017-07-1

Espetxeen egoeraren gaineko hausnarketa egiten du EPPK-k agiri honetan, eta barne eztabaidaren emaitzaren berri ematen du.[...]

[2017 apirila] EPPKren agiria euskal jendarteari

2017-04-11

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren karietara, EPPK-k iragarri du, besteak beste, «udaren erdialderako» emango dituztela espetxe barruan egiten ari diren eztabaidaren behin betiko ondorioak.[...]