EPPKren agiria Euskal Jendarteari.pdf

Agiri honen helburua euskal preso politikook kartzeletan bizi dugun egoeraren berri ematea da. Eta horrekin batera, gurekin zerikusia izan duten hainbat gairi buruzko gure iritzia luzatzea ere euskal jendarteari.

Hasi behar dugu ohartaraziz Frantziako gobernuak EPPKren aurka mantentzen duen kartzela-politikan izandako azken gertaerek duten esanahi argia: Fresneseko kartzelan gertatutakoa adibide bat baino ez da, errepresio jarrerak gaina hartzen dio garai bateko status quoari hainbat kartzelatan. Fresneseko kideen ekimenari esker eta Euskal Herritik antolatutako elkartasunarekin lortu da egoera ez larriagotzea. EPPK-k eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu borrokan, protestan eta mobilizazioetan parte hartu duzuen guztiei. Eta aurrerantzean ere oldarraldi errepresiboei eman behar izango diegun erantzunetan gurekin bat egitera animatzen ditugu euskal herritarrak.

EPPK-k eskaera argia eta betetzen erraza egina dio aspaldi Frantziako Gobernuari. Kolektiboa, ordea, gero eta sakabanatuago dago Frantzian, eta ez Euskal Herritik hurbilago. Frantziako instrukzio epaileak eta kartzela administrazioa hartzen ari diren erabakiek ezin argiago uzten dute gatazka konpontzeko bidean urratsak eman ordez, Espainian bezalatsu egoera usteldu eta gaiztotzearen alde egin dutela.

Bahitu politiko gisa erabiltzen gaituzte, eta estrategia honen atzetik, mendeku gogoaz gain, helburu politikoak ere badaude. Bat, oso nabarmena dena, ezker abertzalean ezinegona eta etsipena eragin, kontraesan artifizialak sortu eta zatiketa eta desafekzioa bultzatzea da.

Jakinarazi nahi dugu ere, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzak gutun bana bidali diela Espainian deserriratuta dauden hainbat euskal preso politikori, Espainiako espetxe-politikaren arauak eta Idazkaritza horren ustez, kaleratzeko bidean bete beharreko urratsen berri emanez. Txosten horien arabera ematen du, orain dela 27 urte abiatutako sakabanaketa politikaren uzta bildu nahian dabiltzala, oroitarazten baitigute salbuespen legediak bi aukera eskaintzen dizkigula: ezker abertzalearen damutze kolektiboa edota gutako bakoitzarena.

ETAk ekinbide armatua bertan behera utzi zuenetik lau urte luze igaro ostean, ematen du EAJ eta beste batzuen zeregina dela euskal militante presoei oroitaraztea zein den eta nolakoa den Espainiako botereak urtez urte handitu digun oztopo-bidea. Ez bageneki bezala. Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzak bidalitako banakako azken txostena ildo beretik doa. EPPK apurtzeko saio zahar-berritu baten aurrean gaude. Baina EPPK-ko kideok aski helduak gara une bakoitzean gutako bakoitzak zer urrats eman behar duen guztion artean erabakitzeko.
EPPK-ko kideok ezker abertzalearen baitan kokatzen gara, eta askapen proiektu independentistaren barruan kokatzen den fase berri honetan dagokigun funtzioa betetzeko prestasun osoa dugu. Zorionez, Euskal Herriaren askapen prozesua ez da etengo eta ez da azken presoa atera arte esperoan egongo. Eta zorionez, gutako bat kartzeletatik ateratzen den bakoitzean askapen prozesua lastratzeko erabili nahi duten aitzakia bat gutxiago izango dute, eta askapen prozesua indartzeko aktibo bat gehiago izango dugu.

Legediaren baliabideak erabiltzea erabaki zuen Kolektiboak. Ez ordea, bakardadean. Herriaren babes eta laguntzarekin egin asmo dugu bide hori. Eta orain arte bezala, guztiok elkarrekin, nahiz eta bakoitzaren ibilbide juridiko propioa landu. Hauxe gure leloa, ildoa eta makulua: batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura. Badakigu, gehiengoa dela euskal presoak Euskal Herrian ikusi nahi dituena. Eta gizarte osoak ongi daki azken presoa etxean izan arte ez dela zinezko konponbiderik izango.

Apirilean egin bezala, berriro ere eskatzen diegu EAEko eta NFEko instituzioetako buruei egin dezatela beren esku dagoen guztia gure baldintza gabeko herriratzea erdiesteko. Dei egiten diegu ere euskal alderdiei eta oro har euskal eragile sozial eta sindikalei euren esparruetan norabide horretan ahaleginak biderka ditzaten, bidezkoa delako eta premiazkoa delako.

Gure azken hitzak preso eta iheslarien eskubideen eta etxeratzearen alde aurtengo udan ere Euskal Herrian egingo diren ekimen orotan parte hartzera animatzeko dira. Euskal Herriak gatazkarik gabeko eszenatoki politikoa behar du eta ez da horrelakorik izango euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratu arte, horregatik da hain garrantzitsua herritarren inplikazioa, herritarren bultzada, guztion onurarako esparrua eraiki dadin. Esan gabe doa, jakina, zein eskertua dagoen EPPK presoen eskubideen eta kaleratzearen alde herri sektore sozial, sindikal eta politiko ezberdinetatik egiten den guztiarekin.

Euskal Herria bihotzean, 2016ko uztaila

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Autodeterminazioa!

Tagged with →