EPPKren agiria Euskal Jendarteari.pdf

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

EPPK-k agiri honen bidez bere ikuspegia eman, aurrera begira dituen erronkak azaldu eta hainbat deialdi ere egin nahi ditu.

Uda beroaren erdian deserriratuta gauzkaten kartzela zulootaraino Euskal Herritik berri gutxi iristen da, eta horiek atzerapenez. Berri horien arabera, ohiko korapiloek beti bezain askagaitz eta sendo diraute. Euskal Herrian (eta munduan), status quo-a mantendu eta beren abantailak eta irabaziak nola biderkatu kezkarik handiena dutenentzat, egoera ezin hobea beraz. Beraiek eragindako aldaketa klimatikoa, krisi ekonomikoa eta gerra egoeraren aurrean espantuka badabilzkigu ere, betiko errezeta aplikatzen dihardute: planeta ustiatu eta kutsatu, herritar xumeak diruz, izerdiz eta odolez hustu, gerra sustatu.

Aldiz, bestelako mundu bat eta bestelako Euskal Herria posible dela uste dugun hemen barruko eta hor kanpoko ezkertiarrontzat, egoerak ez du ematen zinez xamurra denik: ekimena kapitalismoaren onuradunek eta beren adituek eskuetan hartua dute aspaldion.

Hala ere, ezkerreko jendeen ahaleginak ematen du fruiturik tarteka. Ez noski hasieran asmotu eta amestutakoak bezain borobilak, baina bai lehengoa eraldatu eta eraldaketan sakontzeko aukera berriak ematen dituztenak. Lerro hauek baliatu nahi ditugu FARCeko burkideak zoriontzeko, hamarkadetan luzatutako gatazkari amaiera emateko erdietsi duten bake akordioagatik. Aterako dira kartzeletatik eta deserritik itzuliko borrokalariak, erabateko subiranotasunaren alde eta herritar xumeen eskubideen alde borrokan jarraitzeko. Inbidia sanoz begiratu dugu Kubako irla solidarioan nazioarteko herrialdeen behatze lanarekin burutu duten lau urteotako prozesu serioa. Irakaspena eman diote munduari. Badugu zer ikasi Euskal Herrian ere.

Estatuen blokeoa indarrean, alderdi politikoak aldaketarako gogogabetuta, ezker abertzaleak, bere ekinean inflexio-puntu izateko asmotan, Abian prozesua burutu zuen, ETAk borroka armatua utzi osteko urteotan izandako akatsak konponbidean jarri eta askapen borrokari bulkada berria emateko. Ezker abertzaleko antolakundeek egingo duten prozesuaren antzera, EPPKn antolatuta egotea egokitu zaigun militanteoi ere badagokigu gure hausnartze eta eztabaida prozesua burutzea. Egindako ahalegina handia izan arren, EPPK osatzen dugun kideok ezin izan genuen nahi moduan parte hartu Abian prozesuan. Horretxegatik mantentzen gaituzte bahituta, sakabanatuta eta deserrian.

Ezker abertzalea eta beste alderdi eta eragile subiranista batzuek elkarlanean ari direla kontuan hartuz, independentzia eta sozialismoa erdiesteko borrokaren aldi berri honetan, eztabaida horren helburua izango da kartzeletatik prozesu politikoari nola lagun dakiokeen, nola ekin, eragin behar den barrutik eta kanpotik.

Ezker abertzalearen batasuna eta sendotasuna oinarri-oinarrizko elementu direla gogoan hartuta, aurrean dugun erronkari erantzun behar diogu lokartuta ditugun indarrak ikuspegi zabalez aktibatuz eta trinkotuz; inolaz ere ez sakabanatuz.

2013an kolektiboak ontzat emandako ildoa garatzeko indarrak nola erabili izango da gakoa. Herritar, eragile sozial eta instituzionalen adostasun eta inplikazioaren bidez, sakabanaketarekin amaitu eta etxeratzeko prozesua egingarri bihurtzeko. Horretarako, lege-baliabideen erabilpena bezain garrantzitsua izango da salbuespen legedia bertan behera uztea. Legedi espainiar eta frantsesa baliatzeak ez du esan nahi estatu horiei men egin eta zilegitasuna onartzen diegunik.

Bestalde, gure herriaren askapen prozesuari nolako ekarpena egingo diogun izango dugu hausnargai eta eztabaidagai. Kartzela bakoitzeko egoera muturrekoei eta kide bakoitzaren beharrizanei egoera berri honetan nola heldu ere aztertu beharko dugu. Guztia, sostengu ditugun senide eta herritarrekin bat kartzelak husten jarraitzeko helburuz.

Estatuek lehen baino oztopo gehiago jartzen dizkigute gure militantzia politikoa burutzeko. Euskal Herriko egoeraz ezjakin eta itsu nahi gaituzte. Baina, etsaiaren eskuetan egonik, berari aurre egin eta gauden lekutik gure herriaren askatasun prozesuari ekarpena egiteko modurik eraginkorrenak hausnartzeko eta erabakitzeko orduan ez dago guk baino talaia hobea duenik. Aurrean dugun eztabaida burura eramateko, irudimenez eta eskuzabaltasunez jokatu beharko dugu. Gutako bakoitzak beretik jarri behar duenaz gain, gure eskubideen alde, gure Euskal Herriratzearen alde eta gure askatasunaren alde ari diren norbanako eta antolakundeen premia eta beharra izaten jarraitzen dugu; orain, inoizko aspaldian izandako handiena.

Jakitun gara begi asko daudela guregan jarrita, ez alferrik izan da EPPK Euskal Herriaren askapen borrokaren aldeko erresistentzia-ikur nagusietakoa. Ohorea da, bai, EPPK-ko kide izatea, gure gai-ordenako lehen puntuetan eskuzabaltasuna, kidetasuna eta gizatasuna agertzen direlako. Bilatu gabeko ohorea da ordea, gau eta egun etsaiaren eskuetan gaudelarik, ez baita erraza norberak bere interes pertsonal, bizipen eta desioak, taldearen erabakien alde eta kolektiboaren onerako jartzea. EPPK-k beti ulertu du sakabanaketak eta deserriratzeak, damutze-politikek edota irtenbide pertsonalak sustatzeko programek kolektiboaren biziraupena kolokan jartzea izan dutela helburu, askapen borrokari kalte egiteko asmo ezkutuz.

Hauteskunde atarian gaude, berriro ere. Urtetan, “normalizazio demokratikoaren” aldekoak ezker abertzaleak instituziotan parte har zezan tematzen ziren.

Azken aspaldian ordea, ezker independentistaren presentziak traba egiten die. Egoera honen aurrean, EPPK-k ere dei egiten die EAEko herritar independentista eta ezkertiarrei EH Bilduri boza ematera: gero eta boz independentista gehiago orduan eta indartsuagoa izango baita askapen prozesua eta euskal preso politikoen askatasunaren aldeko indarra.

Era berean, irailaren 25aren ondoren osatuko den parlamentuari, EAEko hurrengo lehendakariari eta bere gobernuari berritzen diegu eskaera, egin dezaten beren esku dagoen guztia gure Euskal Herriratzea erdiesteko. Dei bera doakie Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariari, gobernua sostengatzen duten alderdiei eta Nafarroako parlamentuari ere.

Euskal Herria bihotzean, 2016ko iraila

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

Tagged with →