EPPKren oharra Euskal Jendarteari.pdf

EPPK-REN OHARRA EUSKAL JENDARTEARI

EPPK-k bere eztabaida abiatzear duelarik, bi borroka-ekimen sustatuko ditu datozen hilabeteotan.

Lehen ekimena, Kolektiboko kide baten egoera zehatzari lotuta dago, Ibon Fernandez Iradirenari. Izan ere, azaroaren 24an Frantziako tribunal batean bere egoerari buruzko eztabaida burutu behar baita. Hori dela eta, aurtengo otsailean Lorentxa Guimonen kasuarekin bezala, Kolektiboak borrokaldi bat eramango du aurrera eztabaidaren aurreko astean, kaleko eragileekin bat eginez, kasu honetan Bagoaz-ek antolatutako ekimenekin eta bereziki azaroaren 19ko manifestazioarekin.

Hartara, azaroaren 14tik 19ra kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zein motatako ekimena garatuko duen aste horretan. Ibon Fernandezen kasuaren inguruan indar berezia egiteak ez du kentzen, Estatu espainolean dauden Kolektiboko beste kideen egoera salatzea. Hain zuzen, preso eta gaixo larri dauden Jesus M. Martin Hernando, Ibon Iparragirre Burgoa, Aitzol Gogorza Otaegi, Gorka Fraile Iturralde, Jose Ramón Lopez de Abetxuko Likiniano, Jagoba Codo Callejo, Garikoitz Arruarte Santacruz, Josetxo Arizkuren Ruiz eta Iñaki Etxeberria Martin. Aste horretako ekimen hau baliatu egin behar baita kasu guztien berri emateko eta baita Kolektiboaren ekimena gaixo larrien dauden kideen sostengu eta babes gisa ezaugarritzeko.

Aldi berean, geure egingo genituzke gure senideek azaro eta abenduan zehar antolaturiko protesta eta salaketak, zeinetan argitzen diren sakabanaketak dituen ondorio orokor eta zehatzak: errepide istripuak, seme-alabekiko dituen ondorio lazgarriak eta abar… Horretarako Etxeratek abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, programatuta dituen ekimenekin bat egingo genuke.

Ekimen bateratuak antolatzeko zailtasuna gainditzeko, burura eraman daitezkeen ekimenak zerrendatu baino ez ditugu egingo: baraua, bazka-errefusa, itxialdia, propaganda ekimena, instantziak, salaketa gutunak,…

Bigarren ekimena, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra bitartean antolatutako “KALERA, KALERA, bakea eta askatasuna irabaztera!” ekimenarekin lotutakoa izango da. Usurbilen antolatuko den “Kalera guneak” preso politikoon gaia indar berriz jendarteratzeko ekimena izango da. Hilabete batez eta egunero-egunero presoen askatasunaren beharra presente egongo da Euskal Herriko txoko guztietan.

Horrelako ekimen baten aurrean EPPK-k borroka molde berri bat abiatzea planteatzen da. Presoak barrura begira jartzen duten ohiko borroka moldeez gain, barrukook kalean presentzia biderkatua eta ahalik eta zuzenena izateko ahalegina egitea litzateke ekimenaren funtsa. Hartara, kanpoarekin komunikatzeko ditugun baliabideak erabiliko lituzke gutako bakoitzak norberaren eta kartzelaren berri emateko. Gutun, dei, dei grabatu, marrazki, bertso edo zernahi baliabide komunikatibo erabiliko genituzke bai Usurbilgo Kalera Gunearekin komunikatzeko, bai norberaren herri edo auzoarekin harremanetan jartzeko eta baita norberak dituen harreman pertsonalei ekimenaren berri emateko. Horrela, debekatu zituzten presoon argazki mutuei hitza, ahotsa, kolorea eta mezua jartzea izango litzateke helburua. Kartzela eta kalearen arteko lotura biziagotzea, presoon presentzia kalean sentiaraztea, ekitaldi eta elkarretaratzeetan, senide eta lagunekiko ohiko harremanaren mugak hautsi eta herritarren artera agertuz, gure nahiak, gure borroka ametsak eta gure egoera azalduz.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bi ekimen hauek eztabaida abiatzearekin batera burutuko dituela ohar honen bidez jakinarazten du.

Euskal Herria bihotzean, 2016ko azaroa

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!